Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Ondarretako kartzelan preso egondako pertsonen oroimenezko monolitoa



Kontzentrazioa monolitoaren inguruan
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek Ondarretako kartzelan preso egondako pertsonen omenezko oroitarria zabaldu zuen, 2012an, Pilar Garciandia eta Marcelo Usabiaga preso ohiekin batera. Kartzela egon zen tokian jarri zuen oroitarria Donostiako Udalak, Tenis klubaren eta hondartzara jaisteko maldaren ondoan.

Gerra Zibilean eta frankismo garaian milaka lagun egon ziren han espetxeratuta eta horietatik ehunka fusilatu egin zituzten; oroitarriaren bidez, haiek guztiek justiziaren eta askatasunaren alde egindako borroka aitortu nahi du Udalak. Oroitarriaren oinarria kartzela izandakoaren harriez osatuta dago (Ondarretako hondartzatik berreskuratu zituen Aranzadi elkarteak), urte luzez ezkutatu nahi izan zuten espetxea ahanzturatik ateratzeko.

Ondarretako kartzela


1890ean zabaldu zuten, probintziarako kartzela izateko. Mota guztietako presoak ziren, arruntak eta politikoak, gizonak eta emakumeak (horietako batzuk beren haurrekin), baina, batez ere 1931z geroztik, preso politikoak. Milaka lagun espetxeratu zituzten, bertakoak eta Estatuko beste kartzela batzuetatik ekarritakoak, oso baldintza latzetan. 36ko gerratik aurrera, frankistek preso politikoetako asko torturatu egin zituzten, eta ehunka fusilatu, 1948an kartzela itxi eta presoak Martuteneko kartzelara eraman zituzten arte. Ordu arte kalean izandako protestei eta askatzeko aldarrikapenei muzin egin zieten agintari frankistek.

Inaugurazioan Juan Karlos Izagirre alkateak adierazi zuen Ondarretako presoei aitortza eta justizia zor zaiela: “Kartzela horren hormak hiriko postaletatik ezabatu zituzten bezala, hormen artean frankisten eskuetan gertatutako gehiegikeriak eta krimenak ere urtetan isilarazi zituzten, indarrez, ahanzturara kondenatu. Gizon, emakume eta haur haiek guztiek aitortza eta justizia merezi dute, ordea, eta oroitarri hau zor diegun aitorpenaren zati txiki bat da”.

Informazio gehiago
'Ondarreta - Gezalaren kartzela' kartela


Erakusketa eta argitalpena


2012ko irailetik abendura Aiteko Kultur Etxean "Ondarreta, gezalaren kartzela" erakusketa ikusgai egon zen. 38 argazki handi, mural bat, presoenak izandako 50 objektu baino gehiago eta Ondarretako kartzelako zati izandako harri bat zeuden (Aranzadi Zentzia Elkarteak berreskuratuak). Gainera, presoen senideen lekukotzak eta espetxeko argazki batzuk jasotzen dituen bideo bat prestatu zen, baita kartzelako historiaren berri ematen duen liburu bat ere, Iñaki Egañak idatzia Donostiako Udalak enkarguz.